XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AEK HERRI MUGIMENDUA, HISTORIA ETA EKINTZAK

EDUARDO DIAZ(Soziologoa)

Sortu zenetik egun hamasei urte bete direla, AEK erakunde aski ezaguna dugu Euskal Herrian.

Gutariko asko eta asko AEKn ikasle edo irakasle aritu, edo Korrikan eta AEKren beste kultur zein errebindikazio ekintzetan parte hartu, edo haien lekuko behintzat izan gara.

AEK, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, helduen euskara irakaskuntzan aritzen zaigun erakundea dugu.

Euskaraz mintzatzen, irakurtzen eta idazten irakatsi eta euskal kulturan sakontzeko aukera eskaintzea da AEKren zeregina.

Hala ere, zeregin berbera daukaten beste erakundeetatik AEK bereizten duten zenbait ezaugarri badira.

AEKren lehen bereizgarri aipagarria bere historia da.

Izan ere, helduen euskara irakaskuntzan aritzen den erakunderik zaharrena dugu AEK.

AEK 1976an sortu zen.

Orduko politika egoerak zeresan handia eduki zuen erakunde honen sorreran eta bilakaeran, bere herri mugimendu izaeran hain zuzen ere.

Gainera, helduen euskara irakaskuntzaren zereginean AEKk Alfabetatze Batzordeari erreleboa hartu zion, oso gizarte eta politika egoera berezian sortua eta bilakatua izana azken hau ere.